Gaztandegietara bisitak

Otatza Gaztandegia (Ordizia)

Gaztandegi honetan Joseba Insausti bokazioz artzantzan dabilen Ordiziarra aurkituko duzue. Neguan beheko gaztandegian gaztak egiten ditu modu tradizionalean eta udaberri eta udan berriz mendiko larreetara igotzen da latxa ardiez osaturiko artaldearekin. Garai horretan, gazta zaleentzat gutizia diren Mendiko Gaztak egiten ditu. Artzai gaztea den arren bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu; 2015ean Espainiako gazta onenaren saria jaso zuen eta Ordizian Euskal Jaietan ospatzen den Gazta Lehiaketa entzutetsua irabazi duen lehen Ordiziarra izan da.

Gaztandegi honetan, Joseba Insausti artzainak Idiazabal gaztak egiten ditu neguko denboraldian. Bisita honetan gaztandegiaren instalakuntzak ezagutuko ditugu, eta bertatik bertara ezagutuko ditugu artzain horren bizimodua eta gazta egiteko prozesua. Artaldea ikusteko aukera ere izango dugu, eta haren ezaugarriak, elikadura... azalduko dizkigu. Aho-zapore ezin hobearekin amaitzeko, egiten dituzten gazta-barietate batzuk dastatu ahal izango ditugu.


Bisitaren iraupena: Ordubete
Prezioa: 10 € helduak/ 5 € 6 eta 12 urte bitarteko haurrak

J. Aranburu Gaztandegia (Idiazabal)

Aranburu anaien aitonak gazta ekoizten zuen Idiazabalgo bere baserrian eta hiru bilobak izan dira familiako ofizioa berreskuratu dutenak. Gaztandegi honek estatu nahiz nazioartean hainbat sari jaso ditu, World Cheese Awards lehiaketako urrezko eta zilarrezko dominak adibidez. Ordiziako lehiaketa ere irabazi zuten 2006 eta 2010 urteetan. Artzainak gaztandegiko instalazioak erakutsiko dizkigu: prentsa, gatzuna, kamerak... Bideo baten bidez, Idiazabal gazta egiteko prozesua ezagutuko dugu. Bisita amaitzeko, aho-zapore onenarekin, egiten dituzten gazta-motak dastatuko dira.


Bisitaren iraupena: Ordubete
Prezioa: 8 € helduak/ 4 € 6 eta 12 urte bitarteko haurrak

Idiazabal Gaztaren ekoizpen prozesua ezagutu zuzenean

Bisita honetan Idiazabal gaztaren ekoizpena ezagutuko dugu zuzenean, Jesús Aranburu artzainaren eskutik. Gainera, gaztandegiko instalazioak, elaborazio aretoa, prentsak, gatzuna, kamerak… erakutsiko dizkigute. Bisita bukatzeko ekoizten dituzten gazta desberdinen dastaketa egingo da: gazta berria, gazta zaharra, zuria eta ketua.


Ordua: 11:30tan
Bisitaren iraupena
: Bi ordu
Prezioa: 12 € helduak/ 6 € 6 eta 12 urte bitarteko haurrak

Ondarre Gaztandegia (Segura)

Bisita honetan, beste zenbait sektoretan lan egin ondoren familiako negozioaren erreleboa hartu duen Eneko Goiburu artzai gazteak, Ondarre gaztandegian latxa ardiak non gordetzen dituzten erakutsiko digu, eta horiek nola zaintzen dituzten, nola elikatzen diren, erditzeak, mozketa... hori guztia modu guztiz tradizionalean eginda. Gainera, ukuiluaren ondoan larreak ikusteko aukera izango dugu, Aizkorri mendilerroaren ikuspegi ikusgarriekin. Bisitaldi honetan, gaztandegiko instalazioak ere ezagutuko ditugu non hainbat hamarkada daramatzaten gaztandegiko Idiazabal gazta egiten. Amaitzeko, egiten dituzten gazta-moten dastaketa egingo da.


Bisitaren iraupena: Ordu eta laurden
Prezioa: 12 € helduak/ 6 € 6 eta 12 urte bitarteko haurrak

Garoa Gaztandegia (Zerain)

Aizkorri mendilerroaren oinetan kokaturiko herri txiki honetan, Jon eta Martina artzain gazteek lurrari lotutako amestutako bizitza eramatea lortu dute. Gaztandegi tradizional honek Idiazabal gazta egiteko artisau-prozesua ezagutzeko bisitak eskaintzen ditu. Artzainek beren bizimodua kontatuko digute, eta antzinako lanbide horrekiko duten grina azalduko digute. Gaztandegiaren ondoan, latxa ardiaren artaldea ikusiko dugu. Egiten dituzten gazta mota desberdinen  dastaketa  batekin amaituko da bisita.


Bisitaren iraupena: Ordu eta laurden
Prezioa: 10 € helduak/ 5 € 6 eta 12 urte bitarteko haurrak


  • Santa Maria 24 | ORDIZIA (Gipuzkoa)

  • Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.